Irudien prozesamendu
InkscapeLogo.JPG

INKSCAPE


Bit-mapez gain, badugu irudien prozesamendurako bestelako modu edo metodo bat: irudi bektoriala.

Izenak dioen gisan, bektorez osatutako irudiak dira, hots, irudi geometrikoz osatutakoak: lerro, poligono, testu, arku eta gisakoez. Irudi bektorialetan dena da ekuazio, eta dena da kalkulu. Ez da, hortaz, argazkiekin jolasteko gomendagarria.
Irudi bektorialak ordenagailuz lagundutako diseinua (CAD), bideojokoak eta tipografiak diseinatzeko erabiltzen dira, baita mota eta tamaina ezberdinetako logo eta kartelak diseinatzeko ere. Irudi bektorialekin lan egiteko tresna jabedun ezagunena Adobe enpresaren Freehand da (http://www.adobe.com/ es/products/freehand/). Software librekoen artean, ezin Inkscape aipatu gabe utzi, nahiz eta OpenOffice eta LibreOffice-ko Draw ere horretarako erabiltzen diren.
Irudi bektorialen abantaila nagusia, eta bit-mapetatik gehien ezberdintzen dituena, sortzen dugun artxiboaren tamaina txikia da. Alegia, eta adibidez, kartelik handien eta osatuenak ere, KB gutxi okupatuko ditu gure ordenagailuko memorian. Zergatik? Gordetzen den informazio kopurua txikia delako, hau da, irudi geometrikoen baturaz ari garenez, nolabait esateko, irudi geometriko horiek kalkulatzeko formulak soilik gordeko dira, eta ordenagailuaren lana izango da, irudi bektoriala irekitzeko eskatzen diogunean, kalkulu horiek guztiak egitea, irudia modu egokian erakusteko. Horrexegatik, hain zuzen, irudi bektorialen prozesamenduan modu eraginkorrean lan egiteko, ordenagailuak kalkulu horiek guztiak denbora tarte labur edota onargarri batean egiteko gai izan behar du. Potentzia gutxiko ordenagailuak, hortaz, ez dira irudi bektorialekin lan egiteko egokiak.
Kalkuluen behar horrek, ordea, badu artxiboaren tamainatik harago doan beste abantaila bat: kalitaterik galdu gabe, irudia eskalagarria da. Hau da, irudia dimentsioz handitzean, ez da inongo kalitaterik galtzen. Nahi bezainbeste handitu dezakegu, kalkulu berrien bidez, eta irudiaren kalitatea bere horretan mantenduko da. Horregatik dira egokiak, hain zuzen, logo eta kartelak diseinatzeko.
Arestian aipatu bezala, Adobe-ren Freehand da irudi bektorialak lantzeko tresna jabedunik ezagunena. Baina Adobe beraren politika aztertuz, Freehand-en garapena eta hobekuntza alboratuta dutela esan daiteke, erabiltzaile guztiek, pixkanaka, Adobe Illustrator erabil dezaten. Kasu batean zein bestean, tresna jabedunak dira, ordainpeko lizentziarekin banatzen direnak eta euskaraz topatuko ez ditugunak. Baina eskura dugu alternatiba libre bat: Inkscape, sistema-eragile ezberdinetan eta euskaraz funtzionatzen duen tresna.

www.inkscape.org
Inkscape proiektuaren webgune ofiziala.

Doako tresna hau euskaraz ere deskargatzeko aukera
http://ehux.ehu.es/bideoak/gnulinux_tutoretza_015.ogv
Azalpen bideoa.
Inkscapen erabilera azaltzen duen 35 minutuko bideoa, euskaraz.
http://joaclintistgud.files.wordpress.com/2008/05/logo_a_logo.pdf
Eskuliburua
Inkscape erabiltzen ikasteko eskuliburua, gaztelaniaz.
http://www.youtube.com/watch?v=Pd02Q-54wuQ
Inkscape tutoriala
Erabiltzaile berrientzako tutorial egokia, ingelesez.