Irudien prozesamendua
gimp-logo1.jpg

GIMP programa


Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien hedapenarekin, irudiak prozesatzeko tresnak inoiz baino eskurago ditugu. Edonor izan daiteke sortzaile, edonor diseinatzaile. Edonor bilaka daiteke artista edota esperimentatzaile. Tresna andana daukagu eskura: batzuk funtzio aldetik antzekoak, baina oso ezberdinak tresnaren beraren ezaugarriei erreparatzen badiegu. Existitzen dira doan eta libreki banatzen diren irudien prozesamendurako tresnak, eta
baita euskaraz ere!

Irudiak prozesatzeko bi modu nagusi daude: bit-mapak eta irudi bektorialak. Bit-mapak lantzeko tresnarik ezagun edota erabilienak Photoshop eta Gimp izan daitezke. Irudi bektorialen kasuan, berriz, Freehand eta Inkscape. Gaur eta hemen, bit-mapak landuko ditugu.
Irudiak bit-mapa gisa erabiltzen ditugunean, irudia bera pixeletan banatzen dugu. Alegia, irudia hartu eta laukitxotan banatzen dugu. Zenbat eta laukitxo gehiago, orduan eta erresoluzio eta kalitate handiagoa. Horregatik neurtzen da argazki kamera batek egiten dituen argazkien kalitatea pixel kopurutan. Baina nola egiten da hori? Esan bezala, irudia hartu eta laukitxotan banatzen dugu. Laukitxo bakoitzaren inguruko informazioa da, hortaz, digitalki gordetzen dena. Laukitxo bakoitzeko, gutxienez, hiru datu gordetzen dira: laukitxoaren altuera, zabalera eta kolorearen sakonera (alegia, zenbat kolore ezberdin gorde daitezkeen laukitxo bakoitzeko, hau da, irudiaren kolorearen kalitatea; 16 kolorerekin 256rekin baino kalitate eskasagoa lortuko baitugu).
Bit-mapen prozesamendurako, Photoshop da aplikazio jabedunik ezagunena: www.photoshop.com. Jabeduna denez, ez da lizentzia libre batekin banatzen eta, beraz, berau modu baimenduan eskuratzeko, ordaindu egin behar da. Hau da, Photoshop kopiatzea edo deskargatzea debekatuta dago. Egia da Photoshopen bertsio batzuen deskarga baimenduta dagoela, baina oso bertsio zaharkituak izaten dira beti, egungo Photoshopen bertsioekin alderatuz oso mugatuak.
Bada, ordea, Photoshopen alternatiba gisa ulertzen den aplikazio libre eta doako bat; Gimp: www.gimp.org. OpenOffice eta Microsoft Office-kin gertatzen den moduan, Gimpekin Photoshopen sortutako fitxategiak ireki ditzakegu, alderantzizkoa posible ez den arren. Era berean, sistema eragile ezberdinekin bateragarria da eta, hortaz, guztiekin funtzionatzen du. Lizentzia aldetik, berriz, librea da eta, hortaz, deskargatu eta kopiatzeko baimen osoa dugu. Eta azken ginga: euskaraz ere badago!
Deskargatu Gimp, instalatu euskaraz eta izan sortzaile!

Helbide interesgarriak

www.gimp.org
Aplikazioa dohainik eta euskaraz deskargatzeko aukera.
Gimp proiektuaren webgune ofiziala
http://www.imh.es/dokumentazio-irekia/manualak/irudiak-gimp-programaren-bidez-lantzeko-ikastaroa
Gimp erabiltzeko euskarazko tutoriala.
Makina Erramintaren Institutuaren eskutik, irudiak Gimp-ekin lantzeko euskarazko ikastaro edo tutoriala.
http://www.youtube.com/watch?v=2c5IXJjrXl0
Euskarazko bideo bat da, 6 minutukoa, programa egoki erabiltzeko azalpena.